izaro commented on Izurdeen aurreko bizitza by Kirmen Uribe (Narratiba, #141)
— Bere amak lodi zegoela esan nahi zion —esan zidan Thomasek, bekainak jasoaz. Ez zen egia Edith lodia zenik. Garaiko argazkietan bikain ikusten da, oso ederra zen. Zergatik hartu zuen horrela hainbeste urteren ondoren? Amaren esan hark oso gaizki sentiaraziko zuen. Neure buruari galdetzen diot zertaz hitz egingo zuten arratsalde hartan, nola jarraitu zuen lehen topaketa hark, bideratu ahal izan bazuten. Amak nolabait aurpegiratzen zion Eslovakiako bazter galdu hartan bakarrik utzi izana. Bazekien ez zela alabaren errua, bazekien alde egin behar izan zuela Chicagora, aitak hala eskatu ziolako, baina ezin zuen jasan. Alabarengandik urrun egotea oso gogorra egingo zitzaion, eta bere ezintasunean komentario itsusi hori egin zion. Hogei urteko alaba auto batekin konparatzea. Amak, funtsean, besarkatu egin nahi zuen, haren ondoan negar egin, esan oso eder zegoela, faltan botatzen zuela, biziki maite zuela, hura izatea izan zela, zalantzarik gabe, bizitzan gertatu zitzaion gauzarik onena. Baina ez zuen egin. Bere lehen erreakzioa min ematea izan zen, alabari, bere alaba maitagarri bakarrari: mespretxua. Ez. Ez dakit zertaz hitz egingo zuten lehen enkontru hura eta gero.